Eguzkilorea

Anne Ibarrola hilerrian sartu zenean, euri-zaparrada ari zuen. Annek aterkina esku batean eta lore-sorta bestean zituenez, kosta egiten zitzaion euripean aurrera egitea. Azkenean, hilobia aurkitu zuen. Hilerriaren izkina batean zegoen, ezkutatuta, oharkabean pasatu nahian. Han, zutunik eta isilean, euria besterik ez zen entzuten. Bere begiak hilobiaren hilarrian kokatu ziren. “Amaia Ibarrola. 1980-2011. Beti gure bihotzean”.

– Ahizpa, barkatu orain arte ez etortzeagatik. Zazpi urte hauetan ezin izan naiz zure azkenengo egoitz honetara hurbildu. Baina hemen nago – bapatean hotzikara sakon bat zeharkatu zion bizkar osoa. Alde batera eta bestera begiratu zuen. Han ez zegoen inor. – Barkamena eskatu nahi dizut.

Zazpi urte atzera bota eta han zeuden bi ahizpak. Bata, Amaia, polita, azkarra eta maitekorra. Herri osoak maite zuen eta medikuntza ikasi ostean, herriko aiton-amonak maiz hurbiltzen ziren bere baserrira aholku bila eta Amaiak, irribarretsu, beti laguntzen zien. Bestaldetik, Anne zegoen. Arreba txikia, isila, beti bakarrik zebilen herriko bazterretatik. Ez zen bere ahizpa bezain polita baina bazuen zeozer berezia egiten ziona. Bere herria maite zuen, ondoko mendia eta natura, antzinako abestiak eta dantza. Baina baita ere alde ilun bat zuen Annek. Begirada makur eta goibela.

Udazkena hasi zenean, Amaia herrira bueltatu zen egun batzuk pasatzera. Izugarri harritu zen gurasoen baserrira heldu zenean eta etxeko atean, eguzkilorea ikusi ez zuenean. Eguzkilorea, euskaldunentzat hain berezia eta mitoz beteriko lore hura, beti presente etxeko ate nagusian. Antzinatik zaharrek esaten zuten eguzkilorea atean zintzilikatuta bazenuen, arbasoek eta zeruko jainkoek etxea babestuko zutela. Eta horrekin batera, etxekoek ez zuten inoiz une latzik igaroko. Zorte ona, babesa eta zoriona zekarren. Zergatik jada ez zegoen etxeko atean? Nork kendu ote zuen handik?

Etxean sartu eta sukaldera abiatu zen. Han zegoen bere ahizpa bazkaria prestatzen. Gurasoak egoera bitxian hil zirenetik, bera zen etxeko andrea.
– Anne, zer ba kendu duzu etxeko eguzkilorea? – esan zuen bere motxila lurrean usten zuen bitartean. – Gure gurasoek beti atean eduki dute. Zorte ona ekarri digu txikitatik eta gainera… tradizio baten antzera bizi izan dugu betidanik.
– Zorte ona ekarri dizu zuri, ahizpa. Beraz, zugatik hitz egin!
Harrituta erantzun horrengatik, Amaia ahizparengana hurbildu zen.
– Zer esan nahi duzu? Zeozer gertatu da ala?
Annek, barrutik berotasun kontrolaezina sentitu eta bere ahizparengana bueltatu zen. Aurpegiz aurpegi. Anneren begiradan Amaiak gorrotoa irakurri zezakeen.
– Zer duzu Anne? – Amaia txundituta zegoen. Ez zuen ezer ulertzen.
– Zu beti izan zara aita eta amaren gustokoena. – hasi zen Anne. – Begirunez tratatzen zizuten. Nahi zenuen guztia ematen zizuten. “Amaiak medikuntza ikasi nahi duela? Ordaindu dezaiogun karrera osoa. Amaiak bere mutilagunarekin bidaiatxo bat egin nahi duela? Arazorik ez! Gaztea da, momentuaz gozatu behar du.” Eta bitartean nik zer? Nik beti hutsaren hurrengoa! Ez zidaten ikasketekin lagundu jada ez zutelako dirurik. Inoiz ez zidaten esan nirekin harro sentitzen zirela. Maitasun osoa zuretzako zen, zu bazinen ahizpa azkarra eta ederra.
Berriro buelta eman zuen malkoak begietara azaldu zirenean. Ez zuen Amaiaren aurrean ahul iruditu nahi.
– Baina Anne, hori ez da horrela! Aita eta amak izugarri maitatzen zizuten. Nik etxetik joan nintzenean, beti hor egon ziren zuretzako.
– Hau marka! Ez duzu ideiarik zer den nire azalean egotea. Ni beti bakarrik egon naiz, erabat bakarrik, bakardaderik beltzenean.
Amaia, hunkituta, bere ahizparen sorbalda ukitu eta ahal zuen goxotasun handienaz esan zion:
– Besteen maitasuna lortzeko lehenengo zuk zure burua maitatu behar duzu.
Annek ez zuen erantzun. Bazkaria mahai gainean jarri eta isilean bi ahizpek mahaiaren inguruan eseri eta oilaskoa jan zuten. Bien artean deserosotasuna nahiko nabarmena zen.

Orduan Annek isil hura hautsi zuen esanez:
– Barkaidazu Amaia. Ez egidazu kasu, badakizu nola naizen eta batzutan ez dut nire jarrera menperatzen. Suposatzen dut horregatik herrian sorgin fama nazkagarri hori dudala.
– Lasai! Denok dugu horrelako momentuak. Ulertzen dut.
Orduan Anne mahaitik zutundu eta irribarre batekin galdetu zion ahizpari:
– Zer, mendira joango gara? Aspaldiko partez.
– Beno, gaur pixka bat nekatuta nago bidaia dela eta. Utzi dezagun biharko, bai?
– Ados!

Hurrengo egunean, goizean goiz, bi ahizpak Anboto mendira gerturatu ziren. Txikitatik igotako mendia zen, ederto ezagutzen zuten mendi hori. Gainera, eskaldunentzat mendi magikoa zen, mitoz beteta. Anbotoko Mari beti izan zen Anneren ipuinetako pertsonaiarik gogokoena eta kondaira zaharrek esaten zuten bezala, hango kobazuloan Mari bizi zen. Egun horretako plana mendia igotzea zen eta behin mendi tontorrean, erabat leher eginda, lurrean eseri, paisaiaz gozatu eta bizitzaz hitz egin bokata bat jaten zuten bitartean. Plan bikaina.

Baina hori ez zen inoiz gertatu. Helmugatik gertu zeudenean, Amaia gaizki zapaldu eta menditik amildu zen. Behintzat hori kontatu zuen Annek. Herrian, aldiz, zaharrek esaten zuten, sorgin hura, inbidiaz josita, ahizpa menditik beherantz bultzatu zuela. Herrian ere esaten zen aspalditik, neskatilen gurasoen heriotza arraro samarra izan zela eta Annek bere momentuan esan zuen baino askoz gehiago zekiela.

Nola edo hala, zazpi urte igaro ondoren, Anne hilerrian zegoen, euripean eta aurpegia malkoz beteta. Ahots ahul eta dardarti batekin hurrengo hitzak bota zituen:
– Arrazoi osoa zenuen, ahizpa: “besteen maitasuna lortzeko lehenengo zuk zure burua maitatu behar duzu.” Inork ez du nire zorte txarraren errua, ez gurasoek, ez zuk. Nik baizik. Barkatu, arren, ahizpa maitea.” Eta etxeko atean txikitatik izandako eguzkilorea ahizparen hilobiaren gainean ipini zuen. Eta han geratuko zen betiko, mendi magiko horren magalean.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s